Gure izana

Baztan Ikastola, 1970. urtean sortu zen, guraso talde baten ekimenez, eskuarazko irakaskuntza bermatzeko. Debekuen ondorioz, Baztanen, eta Elizondon batez ere, eskuaraz solasteko zailtasun aunitz zegoen. Hainbat gurasok ausardiaz ekin zioten bideari. Garai hartako eskola instituzioak ez zituen herritarren sektore haundi baten beharrak asetzen. Hezkuntza alternatiba gisa sortu zen gure herriaren hizkuntza eta kultura aintzat hartzen zituen egitasmoa.

Ibilbidea ez zen xamurra izan, ordea. Ezin ahaztu halabeharrez herriko barrakoian, frontoian, plazan eta ohiz kanpoko ordutegietan hartutako eskolak. Baina eskuararekiko eta kulturarekiko maitasuna oinarri, elkarlanean, beti aitzinet egin du! Ikastolak, Baztan berreskualduntzeko lehenbiziko urratsak eman zituen, auzolanean. Orduz geroztik, bertze eragileek ere bat egin dute, Baztanen eskuaraz hazi, hezi eta bizitzeko bidean.

Baztan Ikastola Miserikordian hasi zen eskolaurreko 27 haurrekin, Mari Karmen Goñi andereño zutela.

1977-78 ikasturtean, parkeko eskolan lau ikasgela ireki ziren, urte hartan 121 ikasle eta 6 irakasle zeudelarik. Ondoko  ikasturtean, ikastolak berriz leku gehiago behar izan zuen eta Udalak Elbeteko eskola utzi zion Ikastolari eta bertan. 8 ikasgela sortu ziren 2 egoitzetan. Denetara 170 ikasle eta 8 irakasle zeuden.

80ko harmakadan O.H.O. ko 8. maila finkatu zen ikastolan. Garai haietako ikasleria Elizondo, Elbete, Amaiur, Arizkun, Erratzu, Irurita, Gartzain, Lekarotz eta Narbarte herrietatik zetorren O.H.O. osoa ematen baitzen eta Ikastola legalizatzeko tramiteak egiten hasi ziren. 1981eko abenduan ikastolako asanblada bildurik erabaki hau hartu zen: “Baztango Udalari, ikastetxea, Udal-ikastola bihurtzeko eskera egitea.” 1982an 2. NAFARROA OINEZ Elizondon ospatu zen arrakasta handia lortuz. Guraso, irakasle eta herriko hainbat pertsona eta erakunde aritu ziren lanean jo eta ke, euskaltzale guztiak. Herriak arras ongi erantzun zuen, han ikusi zen ikastola herrikoia zela nahiz eta batzuentzat “pribatua” izan. Urte honetan ere Baztango Udalak ikastolaren munizipalizazioa erabaki zuen “Ikastola de Baztan” izena emanez. Denbora berean O.H.O. ko zentro berria eraikitzeko aurreproiektua, ministerioaren aurrean aurkeztu zen. Ministerioak onespena eman arren ideia hori ez zen burutu. 1983ko apirilean Baztango Udalak ikastolako estatutoak aprobatu zituen. Nafarroa Oinezen lortutako diruarekin parkeko ikastola berritu zen haur hezkuntzarako egokituz. 1984-85eko ikasturtean, estatutoek agintzen dutena betetzea eskatu zioten gurasoek udalari. Udaletxearen jarrera ezkorraren ondorioz borroka latza bizi izan zen. Tirabira izugarriak bizi ondoren 1985eko abenduan Pilar ikastetxea erosi zen. “1985eko abenduaren 9an guraso, ikasle eta irakasleek hainbertze denboraz amestutako eta behar beharrezkoa genuen egoitzan sartzea lortu genuen”.

Hamarka hau gogorra izan zen. Matrikulazioak beheiti egin zuen eta haur hezkuntzan modulo bat galdu zen. Horrekin batera irakasle baten postua, 11 irakasle izatetik 10 izatera pasaz.  

Ez zen garai xamurra izan, matrikulazioan jaitsiera izan baitzen zenbait ikasturtez. Ahalegin handiak egin arren ez zen egoera aldatzen.  Instalazioak zahartzen ari ziren eta ezin ziren berritu dirurik ez zegoelako.

Gure umiltasunetik, indarra erakutsiz eta lan ordutegitik kanpo lan handia eginez, poliki-poliki ikastolako familia handitzen hasi zen.

 Instalazioak berritzeko beharra zegoen. Udalaren laguntzarekin terraza handia estali eta  Ikuskizun Aretoa egin zen 2005ean. 

Udabilderen diru laguntzari esker bi berrikuntza eman ziren.  Igerilekua zegoen lekuan  Gorputz Hezkuntzako aretoa egin zen eta Guraso Elkarteak lehendabiziko furgoneta erosi zuen, herrietako ikasleei garraioa ziurtatzeko. 

Ikastolan jangela bakarra zegoen. Parkeko haurrak goitiko eraikinera garraiatzen zituzten irakasleek bazkaltzeko tenorean. Gero eta ikasle gehiago zeudenez, Lehen Hezkuntzako jangela handitu egin zen. 

Hala ere, parkeko ikastolan jangela baten beharra ikusi zen haur kopurua handitu zelako. Hori dela eta, Guraso Elkartearen laguntzarekin Haur Hezkuntzako jangela martxan jarri zen.

Hamarkada hau koloretsuagoa izan zen. Urte batzuk aitzinago galdutako modulua berreskuratu zen, 3 urtez jarraian eskaerak egin eta Udala eta Arartekoaren eskuartzearen ondotik.

Ikastolak bere 2. NAFARROA OINEZ antolatu zuen “Hamabortz AMA bat” lelopean. Lan handiko urtea izan bazen ere, jendeak gogotsu eta elkarlanean auzolan erraldoi hartan parte hartu zuen.  Lortutako diruarekin parkeko eraikina eraberritu zen. 

Gainera, metodologia berrien aldeko apostua egin zen. 

Lehen hezkuntzako egoitza nahiko zaharkitua zegoen eta  auzolanean, gurasoen izugarrizko lanari esker lehen hezkuntzako gela guztiak berritu ziren. Bertze behin ikusi da ikastolan auzolanak duen garrantzia zenbatekoa den. 

Horretaz gainera,  hamarkada honen akabailan, egun euritsuei aintzin egiteko, ikastolako patioan aterpea egin zen. 

2020-21 ikasturtean Ikastolaren 50. urteurrena ospatu genuen, gure ikastolak 50 urte bete zituen! Aunitz urtez Baztan Ikastola eta Baztan Ikastolako familiako partaide zareten guztioi! Zuei esker bizi bizirik dago Baztan Ikastola. Segi dezagun urtez urte, euskara eta euskal kultura gure bailaran, eta munduan zehar hedatzen.